"Eskola
porrota" askotan entzuten den bi hitz dira. Egunero ikastetxeetan ematen
den arazoa da, arrazoi ezberdinengatik. Uste dugu eskola porrota faktore
intelektualagatik ematen dela baina, hori ez da egia. Beste hainbat faktore
baitaude eskola porrotan eragina dutenak, esaterako, motibazioa, arazo
emozionalak, ikaste teknikak eta ohiturak, irakasleak berak,..etab.
Gaia
interesgarria irudituko zaizuelakoan artikulo bat jarri dizuet, nahi izanez
gero, irakur dezazuen.
Eskola porrota:Arazoa gainditzeko aurreneko urratsa jatorria ezagutzea da
Nahasketa emozionalak eta ikasketarenak
Ikasleak bere
maila eta adinerako aurreikusitako helburuak betetzea lortzen ez duenean eta
bere baliabide intelektualen aprobetxamendu errealik egiten ez duenean eskola
porrotaz hitz egin dezakegu. Horren ondorioz hezkuntzarekiko jarrera negatiboa
izan ohi da. Eskola porrota eragin dezaketen arrazoiak asko dira.
Azpimarragarrienak ikaskuntzaren nahasketak dira eta nahasketa emozionalak.
Ikerketen arabera, datuak ezberdinak dira baina esan daiteke porroten %2 soilik
direla faktore intelektualen ondorioa, %29, aldiz, ikasketa faktoreak
eragindakoak dira, dislexiak besteak beste. Porrot proportzio bera eragiten
dute mota guztietako nahasketa emozionalek. %10eko portzentajeak, berriz,
Arreta Defizitak eragindako Nahasketa hiperaktibitateekin (ADNH) lotura estua
du.
Halaber, haurrak
ikasturte batez baino gehiago ikaskuntza arazoak pilatu izanaren ondorioz ere
suerta daiteke eskola porrota, eta era berean haurra ikastetxean ez egokitu
izanaren sintoma garbia da, hain zuzen ere, ongi ez hausnartu, antolatu eta
bideratu gabeko plan pedagogikoen ondorioa. Gehiegizko eskakizunekin eta
ikaskuntza era ez eraginkorrekin du azken egoera honek ere harremana.
Eskola
porrotaren arrazoiak
- Intelektualak. Adin kronologiko eta
intelektualaren arteko desegokitasunaren ondorioz sortzen dira, eta adimen
urritasuna duten haurrengan zein haur supergaituengan ematen da. Halaber,
aurreko ikasturteetan oinarri sendorik hartu ez izanaren ondorioz gerta
daiteke.
Adimenaren neurketa banatzen den bi esparru
orokorretako batean urritasunak antzematea izan ohi da ohikoena: ahozko
espresioa edo eskuzko exekuzioa. Lehenengo arloan, beste faktore batzuen
artean, ulermena eta hizkuntzaren erabilera hartzen dira kontuan, hala nola
memoriaren forma espezifikoak, ulermena, hizkuntzaren erabilera, kontzentrazioa
eta pentsamendu asoziatiboa. Bigarren arloan koordinazio basomotorea,
pertzepzioaren antolaketa, ekintza baten inguruan planak egiteko gaitasuna eta
beste faktore batzuk hartzen dira aintzat.
Urritasun intelektuala baldin badago, oso arina izanda ere, haurrak
ezingo du behar dituen ezagutzak bereganatu eta eskolan atzeratu eta beste
ikaskideekiko urrundu egingo da. Atzerapen hau ezin da berreskuratu eta haurra
hobeto moldatuko da hezkuntza berezian. Hizketaren terapiarekin ere landu
daiteke arazoa, okupaziozko edo heziketa terapiekin alegia.
- Motibazioa. Ikasleak adimen
maila normala edo batez bestekoa baino altuagoa izan arren, eskola
aprobetxamendu arazo larriak egon daitezke ikasteko motibaziorik ez
badago. Honi dagokionean, ikaslearengan eragin handia dute maite duten
pertsonen aitormena, onespen soziala eta epe motzerako xedeen lorpena.
Eskolan ematen diren edukien eta gurea bezalako gizarte aldakor batek
eskatzen dituen eskakizun errealen artean dagoen lotura txikia motibazioan
eragiten duen garrantzi handiko beste faktore bat da. Ikasleek badakite
eskolan eginiko ahalegin handiak bizitza errealean ez diela ezertarako
balio izango eta arrakasta akademikoak ez diela inondik inora etorkizuneko
arrakasta profesionala ziurtatuko.
Arazo honen irtenbidea topatzeko horren motibazio maila eskasa zerk
eragiten duen jakin beharra dago. Hurrengo pausua motibazioa handitzen hasteko
urratsak ematea da. Prozesu honek bere denbora behar du, eta kasu askotan
profesionalen laguntza behar izaten da gogobeteko emaitzak lortzeko.
- Arazo organikoak. Batzuetan
eskolako martxa onarengan arazo fisiko batek izan dezake eragina,
nolabaiteko absentismo maila eragiten duelarik. Eritasun kroniko bat ere
egon daiteke haurrari nekea eragiten diona. Haurrarengan eragin fisikoa
edo sentsoriala izan dezaketen arazoak ere egon daitezke oinarrizko
ezagutzan oztopoak sortuz, ikusmenaren eta entzumenaren arazoak alegia
(miopia, hipermetropia, hipoakusia, etab.). Bestalde, egiaztatuta dago
baita ere gutxi edo gaizki lo egiten duten haurrek edo ongi elikatzen ez
direnek, gosarian batez ere, nahi litzatekeena baino gutxiago ematen
dutela eskolan.
- Arazo emozionalak. Gabezia
afektiboak zein gehiegi babestuta dauden haurrengan gertatzen da, hala
nola haur hiperaktiboengan, ez seguruetan edo gehiegizko fantasiaz edo
gutxiespen sentimenduaz bizi direnengan, baita gurasoen galera sufritu
duten haurrengan ere, guraso oso gogorrak dituzten haurrengan, etxeko giro
txarra dutenengan, etab. Egoera hauek nortasun arazoak ekartzen dituzte,
hala nola ezegonkortasuna, haserrea eta jarrera negatiboak irakasle zein
beste ikasleen aurrean.
Horrek guztiak eskolan integratzeko arazo handiak ekartzen ditu. Haurrak
"eskola fobia" ere izan dezake. Eskolarekin izandako lehenengo
harremanetan sortzen da eta eskolako lanekiko aurkakotasun jarreraz adierazten
da eskola bizitzan zehar.
- Ikaste teknika eta ohiturak.
Ikasle askok ez dakite nola ikasi. Inork ez die lan egin edo ikasteko
modua erakutsi. Ikasten ikasi beharra dago. Gai bat ikasten asko
ahalegintzeak, nola egin jakin gabe, emaitza urriak ekartzen ditu eta
ikaslea, ondorioz, desanimatu egiten da. Ikastea ohitura bihurtzea
arrakasta akademikoa lortzeko beste tresnetako bat da. Ikasketa eguneroko
lana da, praktika iraunkorra eskatzen du, baina berez bizkorgarri ez bada,
ohitura sortzea zailagoa da.
-
- Programazio desegokia. Batzuetan bere
heldutasun intelektual mailarako oso zailak diren lanak eskatzen zaizkio
haurrari. Maila bereko ikasle guztiek errendimendu bera izatea nahi izaten
da. Batzuetan koordinazio falta dago eskola maila edo zikloen artean edo
desadostasunak hezitzaile ezberdinen artean edota hezitzaile eta gurasoen
artean, eta horrek guztiak haurra nahastu egin dezake. Eta zer esanik ez batzuetan
bukatu gabe geratzen diren gaitegi luzeegiak ez direla aproposenak.
-
- Irakasleak. Gehiegizko klaseak
direla, gainekoen edo espezialisten laguntza falta dela eta, batzuetan,
irakasleak segurtasuna eza transmititzen dio ikasleari eta azpibalioetsi egiten
du.